Berrikuntza proiektu berri bat dugu martxan CaixaBank Dualizaren eskutik

Albiste bikaina jaso dugu: gure ikastetxea CaixaBank Dualizak eta FPEmpresak bultzatutako Dualiza Laguntzen VII. deialdian parte hartzeko hautatu dute, «NEXOS 4.0: Tecnología 5G e IoT para la Integración de Personas Desfavorecidos Mediante la Agricultura 4.0» proiektuaren bitartez.

Zertan datza NEXOS 4.0 proiektuak?

«NEXOS 4.0» proiektuak IoT (gauzen Interneta) eta 5G konektibitate mugikorra bezalako teknologiak oinarri dituzten soluzio aurreratuak nekazal proiektuetan aplikatzea du helburu, Bizkaian hurbileko nekazaritza biziberritzeko eta kohesio soziala sustatzeko asmoarekin. Telekomunikazio eta Informatika Sistemetako goi-mailako zikloko ikasleek zuzenean gidatuko dute berrikuntza teknologikoa zein soziala uztartzen dituen esperientzia hau. Horretarako, proiektuak funtsezko hainbat bazkide ditu:

  • Gure ikastetxearen zeregin nagusia, proiektuaren koordinatzaile nagusi gisa, «NEXOS 4.0» programaren arrakasta eta hezkuntza-inpaktua bermatzea izango da. Garatzen ari garen ETHAZI erronketan oinarritutako ikaskuntza-sistemaren bidez, proiektuak hezkuntza-esperientzia berritzaileak bultzatuko ditu, lankidetza eta ikaskuntzaren aplikazio praktikoa sustatuz.
  • Bermeoko Lurre Hurre elkarteak egoera zahurgarrian dauden migranteen integrazio sozioekonomikoan lan egiten du, eta horretarako nekazaritza ekologikoarekin lotutako programa bat garatzen ari da. Nexos 4.0 proiektuaren laguntzaz nekazaritza-eredu aurreratu bat ezartzeko aukera izango dute, IoT soluzioen eskutik. Era berean, ikasleek Lurre Hurre proiektua eta proiektu horren erronkak ezagutuko dituzte, gizarte-integrazioa eta iraunkortasuna bezalako balioak landuz.
  • Proiektuaren beste oinarri garrantzitsu bat ArsonData Metering enpresaren partaidetza da. ArsonData Metering uraren eta gasaren kudeaketa adimendunerako garapenean dabilen euskal enpresa teknologikoa da, eta LoraWAN teknologia darabil bereziki bere proiektuetarako. ArsonData Metering-ek funtsezko laguntza teknikoa emango die proiektuan parte hartzen duten ikasleei, Lurre Hurre enpresaren nekazaritzako instalazioetan IoT sistemaren instalazioa arrakastaz ezarri ahal izateko. Enpresa ezagun horrek proiektuan parte hartzeak balio handia ematen dio lanbide-heziketako etorkizuneko teknikarien prestakuntzari.

Eragin hezitzailea eta haratago

Proiektu hau aukera paregabea da gure ikasleentzat, erronka errealetan lan egingo baitute gizarteratzea eta iraunkortasuna bezalako balioak sustatuz. Gainera, proiektuak hainbat lanbide-arlotako ikasleen lankidetza ere hartuko du barne, azken fasean Bermeoko Udalari aurkeztuko zaizkion irtenbide teknologiko berritzaileak era kooperatiboan diseinatuz.

Berrikuntzarako esparrua

Dualiza laguntzen deialdiaren edizio hau bereziki lehiakorra izan da, guztira 308 proiektu aurkeztu baitira. Estatu osoan hautatutako 47 zentroek 401.488 euro jasoko dituzte guztira 30 proiektu berritzaile garatzeko. Proiektu horien ezaugarriak honako hauek dira: ikuspegi berritzailea, inpaktu sozialerako gaitasuna eta Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatzea.

Ondorioa

CIFP Emilio Campuzano LHIIn, pozik gaude berrikuntza eta ikaskuntza abentura honetan murgilduko garelako. «NEXOS 4.0» ez da proiektu bat bakarrik; etorkizunerako, garapenerako eta gizartearekiko konpromisorako promesa da. Proiektu honi buruzko informazioa ematen jarraituko dugu!